XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esmaltezko erretaula
ARALARKO S. MIGEL (Naf.)
Garai batean izan zitekeen frontala eta ez erretaula Mendebaldeko esmalteen artean piezarik hoberenetakoa dugu.

Oraindik oraintsu lapurtua izan da (79.X.25) eta berriro eskuratua gehienbatean (81.VII.1).

2x1,14 metro neurtzen ditu.

XVIII. mendean errestauratu eta garbitu egin zen bere elementuak gaur egun ikus daitezkeen bezala banatuz, baina ez dakigu zein izan zuten jatorrizko banaketa zehatza.

Jadaniko Alemaniako erromanikoaurrean aurkitzen dugun bezala, irudien buruak goierlieben daude, xaflari soldatuta, eta gorputza xafla horretan bertan lantzen da.

Erdi Aroko artearen xede teologikoa eta pedagogikoa, behekaldean beste sei apostoluak ez, baina Gizakunde misterioa aurkeztuz azaltzen da: aingerua, Ama Birjina eta S. Jose eta Epifania izan litekeena: hiru Magoak.

Irudiak oso estilizatuak daudenez, ekialdeko antza hartzen dute.

Limoge-ko eskola frantsesaren obra ote den pentsatu izan da, XII. mendearen azkenean (beste batzuek 1028.ekoa bezala ipintzen dute).

Ez da falta ere penintsulan egina deneko posibilitatea ematen duenik arabe-traza batzurengatik: Ama Birjinaren panel zentraleko mandorla inguratzen duen marko poligingildua.

San Juan. Eskulturak ate-zangoetan
BIASTERI (Ar.)
Eliza hau XII. mendetik XIII.erako pausoan hasten da eraikitzen.

Ordukorik ezer gutxi geratzen da, portada hau izan ezik, eta hau bera ere nahiko narriatua, eskierki.

Absideek jadanik gotikoak izaki, herriko murruen parte egiten dute praktikan, eta beraiei erantsita dagoen dorreak, bai kanpandorretzarako eta bai defentsarako bezala eraikia dago, bere oinetan hirirako sarbidea ematen duen ate ojibal bat gordetzen duelarik.

Iragarkunde honetako Ama Birjina eta Aingerua kapiteletan bilakatuko diratekeen friso jarraiaren koloma bezala apailatuak daude.

Gauza nabaria da zenbaiterainoko kontuarekin eginak dauden janzkien tolesturak.

Ikusten denez, jadanik anatomiaren joerei egokitzen hasiak daude, eta Aingeruarenean batipat.

Bi estatuotan, bestalde, tolesturen egokiera hori eta gorputz mugimendua, erromaniko garatu batez mintzatzen zaizkigu dagoenekoz.

Ama Birjina Aingerua baino bajuagoa da, koroatzen ari diren beste bi aingeruri leku egiteko.

Azkenik, frantses estiloaren halako kutsu bat sentitzen da.

Biasteri: 1.523 bizt. (1975)
1.667 bizt. (1981).

S. Prudentzio elizaren barrualdea
ARMENTIA (Gasteiz Udalerria) (Ar.).

Kaskanteko Rodrigok, Kalagorriko apezpikuak XII. mendearen azkenaldera berreraikia da.

Gero, 1776.ean, eraldaketa tamalgarri bat egin zioten.

Portada erromanikoen hainbat elementu elizatariko horman sartuak agertzen dira, zeharo sakabanatuta.

Lehen S. Andresi eskainita zegoen eliza hau, eta San Prudentziori gaur egun.

Badago oraindik osoki estudiatu gabeko dokumentazio bat Armentiako antzinako elizbarrutiari buruz, Araba eta Bizkaia bere barruan zituenekoa.

Baina Alfonso VI.ak (Gaztelerrikoa) eta Santxo Ramirez-ek (Aragoakoa) Nafarroako erresuma banatzerakoan, 1076.etik 1134.erako parentesia sortuz, euskal elizbarruti hau desagertu egingo zen Kalagorrikoari eransteko.

Diapositiban ikus daiteke abside semizirkularraren barnealdea, harlandu bikain askorekin.

Garaiarkua, berriz, puntaduna da.

Gurutzeriaren angeluetan ikus daitezke lau ebanjelariak beren tetramorfoekin.

S. Prudentzio. Arkupea(eskulturak)
ARMENTIA (Gasteiz udalerria) (Ar.).

XVIII. mendeko arkupe honetan ezarri ziren: Kristo eta Apostoluen tinpanoa (irudi guztiak arte erromanikoak janzkiei ematen zizkien tolestura ez-anatomikoen exenplu, argi askiak dira: 11 Apostoluak, Kristo, Enoch, Elias, bi aingeru...).

Osotasunean hartuta, arkaizante samarra da.

Tinpanoko arkua zerbait puntaduna da eta berdin multzoaren paisaian agertzen diren beste biak ere.

Hondoan, arkupearen eskuinetara, arku ojibalen pean eta estilo erromaniko berberan Kristo Linbotik arimak ateratzen ari deneko eszenak ikusten dira eta, bigarrenean berriz, Kristoren ehorzketa eta emakumeak Hilobian.

Absideko leihoetan eta nabeen perimetroaren luzera osoan, harburu multzo eder bat ageri da, gaiak gizonezkoenak, landareenak eta geometrikoak direlarik, oso egitura onean.